12Nubes, sarea nerabeek bultzatutako hausnarketa-gune bezala
12Nubes proiektua duela bi urte inguru sortu zen, Vitoria-Gasteizko Kaleko Hezkuntza Programako neska irakurle gazteen talde bat J. Manuel Septien irakasle eta idazle gasteiztarraren Nubes de tiza liburuaren aurkezpenera joan zenean eta Septienekin batera nerabeen eguneroko bizimoduarekin hertsiki lotutako istorio horretako gaiez eztabaidatzen hasi zirenean. Hortik sortu zen blog bat sortzeko ideia. Blog horretan gazteek eurek aukeratutako 12 gai lantzen dira, gazteentzat kezkagarriak diren kontuei buruzko 12 laino bihurtzen direnak, hala nola, eskola-jazarpena eta elkarbizitza, maitasuna eta sexua, familiako arazoak, drogak eta kulturaniztasuna.
Laino bakoitzak berekin dakar nerabeek eginiko gogoeta bat, eta baita ere tokiko artista gazteek eginiko ikus-entzunezkoak, liburuaren egilearen hausnarketak eta hainbat arlotako profesional adituek prestatutako edukiak. Bestalde, lainoek eskolan lan egiteko material didaktikoak eskaintzen dituzte.
12nubes.kalezkalevg.org espazioan dagoen proiektu hori Vitoria-Gasteizko Udalak sustatu du. Arduradun bezala parte hartu dute Carlos Cordovilla hezitzaileak eta J. Manuel Septienek berak, eta gainera Vitoria Gasteizko Francisco de Vitoria BHIren eta Sareguneren laguntza izan du weba garatzeko. Halere, neska-mutikoek paper protagonista izan dute prozesu osoan. Neska irakurle gazteen taldea arduratu da erredakzioaz eta dinamizazioaz, baina horiez gain beste 50 bat lagunek parte hartu dute proiektuan, tartean daudelarik ilustratzaileak, musikariak eta kolaboratzaileak, esaterako, Cuarzo Posse taldea edo Andrés Cardona raperoa.
“Ekimena erabat horizontala da, eta neskak arduratu dira uneoro ekimena dinamizatzeaz, edukia sortzeaz eta baita ere aurkezteaz”, dio Carlos Cordovilla hezitzaileak. 12Nubes proiektuaren helburu garrantzitsuenetako bat da espazio bat eskaintzea neska-mutilei, beren hizkuntzan adierazteko zer iritzi duten eurentzat kezkagarriak diren gaien inguruan. Baina proiektu horrek balio izan du baita ere balioan jartzeko tresna digitalek parte-hartzeko eta gogoetarako duten potentziala. Carlos Cordovillak dioenez, “Internet zeharo integraturik dago nerabeen bizitzan eta guk sarritan sarearen arriskuak baino ez ditugu ikusten”, “12Nubes ekimenak teknologia berrien potentziala erakusten du”.
Hainbat ikastetxetako (besteak beste, Francisco de Vitoria BHI, Unamuno BHI eta Ikasbidea Ikastola) irakasle eta ikasleak 12Nubes blogean sortutako edukiak erabiltzen ari dira eztabaidarako tresna gisa. Abenduaren amaieran, ekimenak Buber Saria jaso zuen proiektu berritzaile onena izateagatik, eta sari horrek babes handia eman dio gazte-taldeari. “Eurentzat oso pozgarria izan zen jakitea entzunak direla eta helduek aitortzen dutela bi urte hauetan egin duten lana”.